Skip to content

IKASTOLAREN HISTORIA

Kaskarotenea ikastola 2012an sortu zen, Kostaldean ikastola berri baten helburuarekin. Hainbat gora behera eta gero, urtez urte ikastola garatuz joan da Marinela auzoan. 2022-2023 ikasturtean, egoitza hertsiegia baitzen, ikastola Gurutze Gorriko Eskolan birkokatu da. Gaur egun Kaskarotenean, 63 ikasle euskaraz hazten eta ikasten ari dira.

SEASKA

Kaskarotenea ikastola Hezkuntza Nazionalarekin kontratupean den eskola bat da eta Seaskaren partaide da. Ondorioz, irakasleak Hezkuntza Nazionalak edo Seaskak ordaintzen ditu. Horrez gain gure ikastolak Seaskaren laguntza badu arlo ezberdinetan (egoitza, komunikazioa, sostengu teknikoa…). Gurasoen elkarteak ikastolaren ibilmoldearen ardura du.

MURGILTZE SISTEMA​

Euskara da ikastolako mintzaira: gela barneaz gain, aire-hartzeek, ateraldiek, jarduerek eta jantegiak ere hein bereko garrantzia dute, haurrari ingurumen anitza eskaintzen baitiogu euskaraz loratzeko.
Ama ikastolan, jolasek, kantuek eta ipuinek toki berezia dute, haurrak gozamenaren bidez bere hizkuntza aberastu dezan.
CE1tik goiti, bi hizkuntzak menperatzeko xedez, frantsesa ikaslearen ingurumenean sartzen da.

PEDAGOGIA​

” Ikastolan, bakotxak bere erritmoan, nahi dugu haurrek euskaraz plazer hartuz ikas dezaten, elgar lagunduz, batak bestearekin trukatuz. “

Hezkuntza taldea.